top of page

Biodibertsitatea ezagutzeko aliantza baterako deialdia

ikusmen   >             xede partekatuak   >             hurrengo urratsak   >             sinatu   >

ikusmen

the vision

Azken bi hamarkadotan, asko aurreratu da Biodibertsitatearen ezagutza historikoaren digitalizazioan eta Biodibertsitate-datuetarako irispide librean. Ahaleginaren batuketak lankidetza ugari ekarri ditu, hala nola nazioarteko lan-elkarte eta -sareak, estatu-, eskualde- eta erakunde-mailako proiektuak eta banakako beste hainbat eta hainbat ekarpen. Lankidetza horiek arlo ezberdinetan eman dira: dibertsitate biologikoaren eta ingurumenaren ikerketak, gobernu-agentziak eta gobernuz kanpoko erakundeak, herritar-zientzia eta sektore pribatua.

Baina, hala ere, egindako ahalegin horiek guztiak ez dira nahikoa, eta egokiak ere ez, Biodibertsitateari buruz datu zehatzak izateko daukagun behar globalari erantzuteko: zenbat espezie bizi diren Lurrean eta zein diren Biodibertsitatearen patroiak eta aldatzeko joerak. Hona aurre egin beharreko erronka esanguratsu batzuk:

  • eskualde-mailako desorekak Biodibertsitatearen Informatikari buruzko jardueretan, denek ez baitute konpromiso-maila bera.

  • progresio ezberdinak datuak mugiarazteko eta haietara iristeko

  • erregistroetarako etengabeko identifikatzaile egonkorren falta

  • datuak garbitzeko eta interpretatzeko prozedura erredundante eta bateraezinak

  • datuen garbiketa hobetu ahal izateko mekanismo funtzionalik ez adituentzat


Aitortuta maila guztietan egiten diren ahaleginak bateratu beharraren premia, Biodibertsitate Globalari buruzko Informazio Sistemak (GBIF) Biodibertsitatearen Informatikari buruzko Bigarren Mundu Konferentzia (GBIC2) deitu zuen 2018ko uztailean, helburu honekin: Biodibertsitatearen eremuan jarraitu beharreko urratsak garatzeko koordinazio-mekanismo bat proposatzea. GBIC2an parte hartu zuten guztiek ikusten zuten beharrezkoa zela Biodibertsitatea ezagutzen lagunduko duen aliantza global bat ezartzea, adibidetzat hartuz Genomikarako eta Osasunerako Mundu Aliantza (GA4GH) eta Apache Softwarearen Fundazioa bezalako software irekiko komunitateak. Ekimen horiek eredu interesgarriak dira, zeren eta finantzazio-iturri deszentralizatuak eta gobernantza independenteak baitituzte, eta premia partekatuei ekiteko baliabideak konbinatzen eta konponbide jasangarriak garatzen.

Lankidetza areagotuz, dauden datuen kudeaketa hobetuz eta datu-iturri berrien garapena koordinatuz, interkonektatutako ezagutza-base integratu bat sor daiteke, Biodibertsitatearen alderdi guztiei buruzkoa, eta modu irekian eta doan zabaldu informazio hori behar edo erabili nahi duen ororentzat. Horrelako sistema batekin, integratu ahal izango genituzke, etorkizun jasangarri bati begira, egungo ezagutza zientifikoa eta erabakiak hartzeko prozesu arrazional eta egokiak.

xede partekatuak

the ambition

Interesdun alde guztien arteko aliantzarekin biodibertsitateari buruzko informazioa guztion ongizaterako kudeatzeko komunitateak, sistemak eta prozesuak hobeto interkonektatzea lor daitekeela uste dugu.

Ondorioz, sinatzaileak garen heinean, jomuga hauek lortu nahi dituen aliantza garatzen laguntzeko asmoa dugula adierazten dugu:

Babesa zientziari eta ebidentzian oinarritutako plangintzari

1. Biodibertsitatearen gaineko ezagutza eta ulermena ematea, ikerketaren betekizun kritikoak babesteko moduan eta biodibertsitatea gizarte-xedeetarako behar bezala neurtzea eta baloratzea ahalbidetzeko moduan

2. Biodibertsitatearen eta informazioaren zientzien arloko oinarrizko ikerketarako funtsa izatea, oinarrizko ikerketa horrekin gizakiok natura-sistemen funtzionamendua eta egoera ulertzea nahi baita

3. Biodibertsitatearen ulermenean etengabe hazteko plataforma atontzea, gaur egungo ezagutza zaintzeko, eraikitzeko eta hobetzeko xedez

Babesa datu irekiei eta zientzia irekiari

4. Datuak aske eta modu irekian partekatzeko nahiz FAIRek biodibertsitateari buruzko datuetarako dituen printzipioak geureganatzeko oztopoak deuseztatzea (Wilkinson et al. (2016))

5. Metadatu ugarirekin deskribatzea datu-baliabideak, gaur nahiz bihar berrerabili ahal izateko horiek

6. Datu-baliabide guztiak konfiantzazko biltegi egonkor eta iraunkorretan gordeko direla bermatzea

7. Aditu garrantzitsuek eta adituen komunitateek datu guztiak elkarlaneko eduki-edizioan  antolatzea, jasotzea eta hobetzea ahalbidetzea

8. Ezagutza edo eskarmentua eransten duten guztiek beren ekarpenak guztiz erregistratuta, aitortuta eta egiaztatuta edukitzea ahalbidetzea

9. Informazio-iturri guztien jatorria eta eskuduntza arakatzea

Babesa oso konektatuta dauden biodibertsitate-datuei

10. Datu historikoen iturrien irudikapen digital egituratuak mugiaraztea, museoetako bildumak eta bibliografia barne hartuta

11. Behaketa eta neurketa berriak egin ondoren, horiek guztiak irudikapen digitaletan ahalik eta lasterren irisgarri egotea bermatzea

12. Biodibertsitateari buruzko informazio mota ororen (banaketa, ezaugarriak, geneak eta abar) konbinaketa, kontsulta eta analisia ahalbidetzea, osotasun interkonektatua balitz bezala

13. Beste ikerketa-komunitate eta azpiegitura batzuekin lan egitea, elkarreragingarritasuna lortzeko Lurraren gaineko behaketen, gizarte-zientzien datuen eta bestelako baliabideen bidez

Babesa nazioarteko lankidetzari

14. Eskualde eta sektore guztietan jorratzea biodibertsitate-informatikaren inguruko gaikuntza-premiak

15. Komunitateak ezagutza-azpiegitura antolatu baten barruan elementu kritikotzat jotzen dituen zerbitzuei eta osagaiei eusteko finantzazioa ziurtatzea

16. Ikuspegi malgu eta elkarlanekoak garatzea, ezagutza-azpiegitura antolatu horren osagai guztiak diseinatzeko, eraikitzeko eta mantentzeko

17. Herrialde edo eskualde bakoitzeko interesdun alde guztiek azpiegituran, tresnetan, zerbitzuetan, jardueretan eta gaikuntzan egiten diren aurrerapenak hartzea eta horietatik etekina ateratzea ahalbidetzea

18. Eskualde eta etapa guztietan ahalbidetzea agente-talde guztiek parte hartzea eta elkarlanean aritzea, datuak sortzetik hasi eta horiek aztertu eta ezarri arte

19. Datuak, zientziak babesten duena eta politiken formulazioa aberriratzea ahalbidetzea herrialde eta eskualde guztietan

20. Edozein eskalatan bermatzea datuetarako sarbidea eta horien erabilera eraginkorra: mundu-, eskualde-, estatu- eta toki-mailan

21. Eskualdeko, estatuko eta tokiko inbertsioak irtenbide orokor baten barruan osagai kritikoak eta eraginkorrak direla aitortzea eta babestea

22. Hizkuntzatik edo kulturatik eratorritako datuen erabilerak eta trukeak dauzkaten oztopoak gainditzea

23. Datuetarako irispidea eta datuen argitalpena babesten dituzten nazioarteko akordioen inplementazio praktikoa babestea

next steps

hurrengo urratsak

Munduko Biodibertsitate-datuak ekoizteko, kudeatzeko eta integratzeko interesa duten pertsona eta entitate guztiei dei egiten zaie Biodibertsitatearen ezagutzarako aliantza global hau ezartzen lagun dezaten beren lankidetza eskainiz hasiera-prozesuetan.

Bisita ezazu webeko Discussions fitxa, bost arlo hauetako eztabaidetan parte hartu ahal izateko. Ingelesez ez beste hizkuntzetan ere egin daitezke ekarpenak.

Parte-hartzea zabaltzea

Tailerra, horri buruzko txostena eta deialdi hau komunitate globalarentzat prestatu dira. Helburua da Biodibertsitatearen inguruko informazioa mugiarazteko, hobetzeko, integratzeko edo erabiltzeko interesa duten banakako eta erakunde guztiek beren babesa erakustea, aliantza hau sinatuz edo aliantzaren web orrian gerora egingo diren eguneraketetara harpidetuz.

Ereduak ebaluatzea

Ahalegin handiagoa egin behar da interesdun alderdiek osatzen duten komunitate konplexu eta askotariko honen premiei ekiteko; horretan gidari izan daitezke eta epe luzeagorako ikuspegiak eskaini ditzakete beste aliantza-, koalizio- eta partzuergo-eredu batzuk, adibidez, “Apache Way” meritukratikoa, kode irekiko tresna informatikoen proiektuetan erabilia. Hortxe jarraitzen dute, halaber, kide-motei buruzko galdera garrantzitsuek ere (banakakoak, erakundeak edo biak).

Argitzea aurreikusitako irismena eta emaitzak

Lankidetza handiago batek abantaila eta ondorio esanguratsuak ekarriko ditu, zalantzarik gabe, Biodibertsitatearen Informatikaren eremuan, baina azken xedea da inpaktu bat eragitea Zientzian, Politikan eta gizartean. GBIC2ko parte-hartzaileek interesdun alderdi ezberdinak integratzea proposatu zuten –barruan sartuta ikerketa-taldeak, zerbitzu taxonomikoak, CBD, IPBES. FAO, kontserbazio-entitateak eta beste erabiltzaile-komunitate batzuk– galdera definitzaileen multzo bat eta erabilera-kasu irisgarri batzuk garatuko ditu, eta aurrerapena haien kontra neurtu ahal izateko –galdera definitzaileen multzoa eta erabilera-kasuak nahikoa zehatzak izan behar dute, elkarlanean oinarritutako plangintza, garapen eta inplementazio lehenetsiak gidatzeko.

Interesdun alderdiak identifikatzea

Zaila da ulertzea zein den aliantzaren lanean interesa duten alderdien egoera: jarduera asko egiten dituzte, misio gainjarriak dituzte askotan, eta lan-programen bidez inplementatzen dituzten jarduerok denbora-lerro eta erantzukizun-eskala ezberdinetan egiten dituzte. Ez bada konplexutasun hori ulertzen, arrisku handia dago nahigabeko gatazkak eragiteko, edo ahaleginak bikoizteko. GBIFk hasierako azterketa-sare bat koordinatuko du –muga zehatz eta argiekin–, eta saiatuko da rolak, ardurak eta erakunde nagusien zerrenda definitzen, batez ere mundu-, eskualde-, estatu- eta toki-mailakoak. Ahalegin horri esker, sortu eta sostengatu behar diren zerbitzu kritikoak identifikatuko ditu aliantzak, eta lana modu batuago eta lotuago batean egiteko aukerak erakutsi.

Kontzeptu-probarako proiektuak erabiltzea

Aliantzarentzat, funtsezko xede bat da interesdun-alderdi guztiek premia partekatuen inguruan bat egitea eta proiektu jasangarriak hastea, ezagutza digital interkonektatuen sistema bat sortzen laguntzen duten tresnak, zerbitzuak, ereduak eta baliabideak eskaintzeko. Horregatik, proiektu horiek lehenesteko, hasteko, garatzeko eta sostengatzeko prozesu formalak beharko dira. Epe motzera, baliagarria da identifikatzea zein diren gaur egun aliantza ireki baten ikuspegia babesten duten jarduerak, kontzeptu-probarako proiektu gisa egokitu ahal izateko. Proiektu horiek, aliantzan oinarritutako lehen lankidetza-adibideak izateaz gain, etorkizuneko gobernantza-ereduetan aplikagarri izan daitezkeen irakaspenak eskaini ditzakete. Iradokizunen bila gabiltza, kontzeptu-proben lehen proiektuetarako dagoeneko egiten diren jarduera jasangarriei buruz, eta ez bakarrik tresna informatikoen garapenari edo datu-kudeaketari dagokienez, baizik eta gaikuntzen hobekuntzaren eta plangintza jasangarriaren arloei dagokienez ere bai.

Eusko Jaurlaritzari Itzultzaile Zerbitzu Ofizialak euskaratu du

declare your support

bottom of page